| Marihuana Obama presidenteak legeztatuko al du? |
|
|
|
| Nork idatzia administratzailea | |
| 2009-(e)ko uztailaren 02-(e)an | |
|
Barack Hussein Obama AEBetako presidenteak Gil Kerlikowske aukeratu du «drogen aurkako tsarra" izateko. Egungo legez kanpoko droga kontsumoarekiko politikarekin ados ez daudenek bide egokian egindako urratsa ikusi dute izendapen horretan, baina erabateko normalizaziora iristeko denbora asko falta dela esan diote GAUR8ri Euskal Herriko adituek.
Latinoamerikan, egungo debeku politikak sekulako kaltea eragin du, Mexikon batez ere. Estatuak ezin die aurre egin gero eta diru zein baliabide gehiago dituzten narkotrafikatzaileei eta azken urteotako hildako kopurua jasanezina da. Guatemala ere bide berean doala dirudi, bertako agintariek onartu izan dutenez. Ez da harritzekoa, horrenbestez, Mexikon egungo politika aldatzeko sekulako beharra ikustea.
Kontzeptu zaharkitua. «La Jornada» egunkariko David Brooks kazetariak honako izenburua jarri zion gaiari buruzko artikulu bati, maiatzean idatzitako testuan: «Washingtonek drogen aurkako gerraren kontzeptua ezabatu egin du». Ernesto Zedillo Mexikoko presidente ohiak, berriz, behin baino gehiagotan adierazi du gerra horrek porrot egin duela, fenomenoari aurre egiteko bestelako politikak behar direla esateaz gain. Gauza bera egin izan dute Cesar Gaviria Kolonbiako presidente ohiak eta Fernando Henrique Cardoso brasildarrak. Horiekin bat egiten dute makina bat poliziaburu, fiskal, epaile eta goi karguk. Eskuineko zein ezkerreko hedabideak droga kontsumoa arautzearen alde agertu dira Latinoamerikan, gai hori debekatzeak kalteak besterik eragiten ez dituela-eta. Mende bateko porrota. Drogen debeku eta jazarpen politikak lehen mendea betetzen du aurten, 1909an egin baitzen Txinako Shangai hirian drogak kontrolatzeko lehen bilera. AEBek deituta hamahiru herrialde elkartu ziren orduan porrot egin duen gerra abian jartzeko. Orain, AEBetatik etorriko al da, orduan hasitako bide okerra utzi eta beste batean sartzeko ausardia? Galdera hori Barack Obama Etxe Zurira eramateko lana egin edo botoa eman zutenen artean eginez gero, gehienek baietz erantzungo lukete, inkestek adierazten dutenez. Galderak Etxe Zurian. Amy Goodman Democracy Now telebistako kazetariak Obamak martxoan eskaini zuen konferentzia baten berri eman du. Ikusleek galderak egiteko aukera izan zuten, Etxe Zurian bertan. Ekitaldia Internet bidez ikusteko aukera izan zen. Galderak aldez aurretik eginda zeuden, eta gero ikusleek erabaki behar zuten zein galdera egin presidente beltzari, eta zein ez, bozketa baten bitartez. Mundu osoa krisi ekonomiko larri batek kaltetuta dagoenean, AEBetako eta beste herrialde askotako milaka langile kalera protesta egitera irteten ari direnean, eta Estatuek finantza entitateetako buruei emandako laguntza eskandalagarriak egunero hedabideetan dauzkagunean, Obamak marihuanari buruzko galdera bati erantzun behar izan zion, Goodmanek nabarmendu duenez. Marihuana eta ekonomia. «Galdera batek boto asko jaso dituela esan behar dut: marihuana legeztatzeak ekonomiari mesede egingo ote liokeen, lanpostu berriak sortzeko tresna egokia izango ote litzatekeen. Ez dakit galdera hau aukeratu izanak zein esanahi duen, Interneteko audientziari dagokionez, baina galdera honek boto asko jaso dituela-eta, erantzun egin nahi dut. Ez, ez dut uste marihuana legeztatzea gure ekonomia haz dadin estrategia ona denik». Goodmanen iritziz, galdera horrek horrenbeste boto jaso izanak adierazten du estatubatuarrak «kezkatuta» daudela AEBetako drogen inguruko politikarekin, «eta drogen aurkako gerra deitzen diogun horrek gure gizartean oso eragin negatiboa izan duela». Errealitateak agintzen duena. David Brooksek Kerlikowskeren izendapenaren inguruan egin duen irakurketaren arabera, «drogen aurkako tsarrak» drogen aurkako gerraren kontzeptua ezabatu egin du, «kalean kontzeptu horren porrotari buruzko eztabaida hedatzen eta marihuana legeztatzearen aldeko iritzia indartzen ari den bitartean». «La Jornada» egunkariak dio drogaren aurkako gerraren kontzeptua alde batera uzteko prest daudela. «Baina errealitateak esaten digu orain arteko kontrola ez dela bukatu, legeak ez dituztela aldatu, munduko ia Estatu guztiek bat egiten dutela debekuaren politikarekin, eta hori aldatzea zaila izango dela iruditzen zait, drogen aurkako borroka gizartea kontrolatzeko tresna bat da-eta -esan dio GAUR8ri Iker Val Gannajh elkarteko kideak-. Agian drogaren aurkako gerrari amaiera jarriko diote, drogari etekin ekonomikoa atera nahirik, baina droga horien erabiltzaileen kontrako gerra ez dute amaituko». Espetxeak gainezka. Azken hogeita hamar urteotan, legez kanpoko drogen fenomenoari aurre egiteko «segurtasun publikoaren» kontzeptuari eman zaio lehentasuna. Ondorioz, AEBetako espetxeak gainezka daude eta Justizia Administrazioa bera ezinean dabil. AEBek dute munduko espetxeratu indizerik handiena: munduko populazioaren %5a edukita, kartzeletan daudenen %25 AEBetan dituzte preso, «La Jornada» egunkariaren arabera. Zenbaki horiek askoz ere larriagoak dira une honetan orain bi urte baino, krisi ekonomikoa dela-eta. Horrexegatik, gero eta aditu gehiagok esaten du gerra horrek eragiten dituen gastuei aurre egiterik ez dagoela, batez ere ematen dituen fruitu urriak ikusita. Lehentasuna, tratamenduak. Indarrean dagoen estrategia oso garestia da eta ez du bere helbururik lortzen. Horixe onartu zuen Etxe Zuriko Droga Kontrolatzeko Politiken Bulego Nazionaleko zuzendari berriak «Wall Street Journal» egunkariari egindako adierazpenetan. Kerlikowskek lehentasuna eman nahi dio tratamenduari, espetxean dauden pertsonen kopurua murrizteaz gain. Bere ustez, horrela posible izango da kontsumoak, droga eskariak, behera egitea. «Drogen aurkako gerra bere aurkako gerra gisa ikusten du jendeak, eta gu ez gaude herri honetako jendearen aurka», esan zion Kerlikowskek kazetariari. Obama Etxe Zurira eraman zuten hauteskundeen aurreko kanpainan ere antzematen zen politika aldaketa baten aldekoa zela Illinoiskoa. Bere Gobernuak ez zuen denbora asko behar izan inpresio hori indartzeko, helburu medikuekin erabiltzen den marihuana banatzen duten agentzien aurkako sarekadarik ez dutela hemendik aurrera gehiago egingo jakinarazi baitzuen. Izan ere, AEBetako hamahiru estatutan marihuana legeztatuta dago erabilpen hori emateko bada, propio egindako erreferendumen ondoren. Bushen Gobernua, aldiz, sarekada horien zale zen. Iritzi publikoa. AEBetako iritzi publikoa aldatzen ari da, inkestek gero eta garbiago adierazten dutenez. Gaur egun estatubatuarren %40 dago nolabaiteko normalizazioaren alde, orain hogei urte %20 besterik ez zirenean. Kalifornian, Mexiko ondoan, marihuana legeztatzearen aldekoen kopurua handiagoa da: %56koa, Field Poll izeneko institutuak egindako inkesta baten arabera. Politikariek ere badakite hori, eta beraiek ere egin dituzte kalkuluak. Kaliforniako hausnarketak. «Ez dut uste drogak legeztatzeko garaia denik, baina gaiari buruzko eztabaida bat abiaraztekoa bai. Beste herrialde batzuetan egiten ari direna aztertu beharko genuke, marihuana eta beste droga batzuk legeztatu dituzten herrialdeetan zein ondorio izan dituzten», esan zuen maiatzean Arnold Schwarzenegger gobernadore errepublikanoak. Eztabaida proposatzen du, zuzenean drogak legeztatzea oraingoz gehiegi izango delakoan. «Sacramento Bee» Kaliforniako hiriburuko egunkariak editoriala eskaini zion gaiari maiatzaren 7an, gobernadoreak eskatzen duen eztabaidarekin bat eginez. «Legez kanpoko drogen eskaria murrizteko helburua zuen `drogen aurkako gerrak' porrot egin du azken hogei urteotan. Hori lortu beharrean, AEBetako kartzelak bete egin ditu. Aldi berean, drogen salerosketak ez du etenik eta fenomeno horrek indarkeria eramaten du AEBetara eta Mexikora. Testuinguru honetan egin beharko dute estatubatuarrek marihuanari buruzko eztabaida», idatzi zuen editorialgileak. «Estatu ustelak». «Borroka hau liberalismoaren aurkakoa, hiltzailea eta zentzugabea izan da», idatzi zuen «The Economist» aldizkariak apirilean. «Estatu ustelak» eragin izana ere leporatzen dio nazioarteko aldizkariak «drogen aurkako gerrari». Indarkeria hedatzen ari da Mexikoren eta AEBen arteko mugan, eta fenomeno gero eta larriago horrek bertako agintariak ere estutu ditu. El Paso hirikoek AEBetako Kongresu Federalari eskatu diote marihuanaren legeztapena eztabaidatzeko, narkotrafikoarekin lotutako indarkeria murrizteko tresnarik egokiena delakoan. Arizonako fiskal nagusiak ere hartu du kalkulagailua. Berak egin dituen kalkuluen arabera, Mexikon egoitza duten droga saltzaileek lortzen dituzten etekin ekonomikoen ia %80 marihuana saltzetik dator. Horregatik, gai horren legeztapena aztertzeko eskatu zien politikariei, narkotrafikatzaileak ahultzeko neurririk azkarrena dela-eta. Zergak kobratzeko aukera. Marihuana legeztatzearen aldekoek badute beste argudio bat krisi garaiotan: Estatuak sekulako dirutza jasoko lukeela salerosketa bakoitzeko zergaren bat kobratuz gero. Beraz, marihuanak loditu ditzake krisiak argaldutako poltsiko publikoak. Ethan Nadelmann Drug Policy Aliance elkarteko zuzendariak egungo egoeraren eta orain ia laurogei urtekoaren arteko antzekotasunak ikusten ditu. Aurreko mendeko 20ko hamarkadan alkohola debekatu zuten. Al Capone eta mafiako beste buru batzuk ikaragarri aberastu ziren eta indarkeria bazter guztietara hedatu zen. 1929ko krak ekonomikoak gauzak larriagotu besterik ez zituen egin. 1933an legeztatu zuten alkohola, eta ordura arte sekulako dirutza kostatzen zuen fenomenoa izatetik, Estatuari diru asko ematera pasa zen. Nadelmannek hiru batugai horiek elkartu ditu -krisia, Mexiko astintzen duen indarkeria eta drogen aurkako gerrak porrot egin izana-, «une hau oso antzekoa» dela esateko, alegia, orduan alkohola arautu zuten moduan, orain marihuanaren ekoizpena eta kontsumoa arautzeko momentu ezin aproposagoa dela. XXI. mendeko Al Caponeak. Joe Klein «Time» aldizkariko zutabegileak ere egin ditu kontuak: AEBek urtean 68.000 milioi dolar gastatzen dituzte kartzeletan; preso daudenen heren batek ez du egin indarkeriazko deliturik; beste 150.000 milioi dolar Polizia eta epaitegietan joaten dira; atxiloketen %47,5ak du loturaren bat marihuanarekin. «Hau sekulako dirutza da. Hobe litzateke eskola berriak edo azpiegitura egiten gastatuko balute», idatzi du David Brooksek. XXI. mendeko Al Caponeak orain laurogei urtekoak baino askoz ere arriskutsuagoak direla gogorarazten du kazetariak, eta marihuana legeztatzea izan daitekeela egungo Al Capone horiei aurre egiteko neurririk azkarrena. Edonola ere, Kerlikowskek segurtasunari lehentasuna ematen dion politikarekin jarraitzen du oraingoz. Mexikoko muga hobeto zaintzeko neurriak iragarri ditu azken asteotan, esaterako. Adituek berehala esan dute muga gehiago militarizatuta ez dela ezer konponduko. «Legez kanpoko drogen gure eskari asegaitzak droga trafikoa suspertzen du», esan berri du Hillary Clinton presidenteordeak. Zer du seattle hiriak bertako poliziaburuak horrenbeste aldatzeko? Argazkiko gizona Norm Stamper da, Seattle hiriko poliziaburu ohia. Bera izan zen hiri horretan, 1999an, MME Munduko Merkataritza Erakundearen aurka egin ziren mobilizazioak zapuzteko erantzukizuna izan zuen gizona. Orain, berriz, drogak legeztatzearen aldeko ekintzaile bihurtu da, soinean daraman kamisetak adierazten duenez. «Droga guztiak legeztatzearen aldekoa naiz», esan berri dio Stamperek Amy Goodman kazetariari, Nobel Alternatiboa jaso zuen emakumeari, alegia. Stamperek kargu hori utzi zuenean, Gil Kerlikowskek ordezkatu zuen. Droga guztiak legeztatzearen aldeko ekintzaileak esan du berak nahiago zuela kargurako osasunaren arloko profesionalen bat aukeratu izan balute, «hori edonork ulertzeko moduko indar handiko mezua izango litzateke-eta. Baina Jimmy Carteren agintaldiaz geroztik inor ez da ausartu hori egitera. Horrenbestez, kargurako segurtasun arloko norbait hautatu behar bazen, Gil Kerlikowske izan daiteke pertsonarik egokiena, drogarekiko politika aldatzeko eskatzen dutenen artean ez baita ageri bere izena». Goodmannek gogorarazten du Kerlikowskeren seme batek drogamenpekotasunei aurre egin behar izan ziela, «eta zerbait ikasiko zuen aitak». Agian horregatik nahi du «drogen aurkako gerraren» kontzeptua erabat ezabatu.
Norm Stamper NORML Marihuanari buruzko Legeak Aldatzeko Erakundeko kidea eta LEAP debeku politikaren aurkako elkarteko eleduna da gaur egun. Bere hitzaldia, edonork ulertzeko modukoa: «Richard Nixon presidenteak drogen aurkako gerra abian jarri zuenetik, bilioi bat dolar gastatu ditugu. Zein emaitza aurkez dezakegu? Inoiz baino errazago lortzen dira legez kanpoko drogak gaur egun, salneurriak behera egin du eta gai horien kalitatea inoiz baino hobea da. Beraz, sekulako porrota da gerra hori. Narkotrafikatzaileak ahuldu nahi baditugu, salerosketa hori arautu egin behar da, ez debekatu».
#GAUR8 tik ateratako artikulua
goraipatu artikulu hau Ikustaldiak: 198 Iruzkinak (0)
![]() Iruzkina idatzi
|
|
| Noiz aldatua ( 2009-(e)ko uztailaren 02-(e)an ) |
| < Aurrekoa | Hurrengoa > |
|---|






![Matxingorri gazte konpartsa [atzeratua]](http://static.flickr.com/3164/3101204446_ea89a38760_s.jpg)


