|
Kaixo lagunak! Kurtso berri bat hasi berri dugu, eta hainbeste hilabeteren hutsunea eta gero martxan jarri gara berriro ere. Zirikatzen proiektua osatzen dugunok uda partean hausnarketa sakon bat egin eta gero, hainbat aldaketa burutu ditugu gure jardueran, beti ere gure sorreran markatu genituen helburuei begira: gazteon komunikazioa eta formazioa.
Alde batetik, azken aldian bazterrean ahaztuta genituen hitzaldi eta jardunaldiei bultzada berria ematea erabaki dugu. Deustun sumatzen dugun hutsune hori bete nahi dugu eta aldi berean interesgarriak iruditzen zaizkigun (noski, zuen proposamenak eskertuko genituzke) gaien inguruan ahalik eta jende gehiena bildu eta iritziak elkartrukatu. Ez da erronka makala!
Beste alde batetik, aldizkaria salmentan jartzea erabaki dugu. Orain arte erabiltzen genuen kuoten sistema hainbat buru-hauste ekarri baitizkigu: jendearen atzetik ibili behar izatea, hala ere diru guztia ez lortzea (2007ko azken alea ezin izan genuen atera diru faltagatik)... Salmentak, zenbat jarraitzaile ditugun ere erakutziko digu, hainbat pertsona konpromisoagatik harpidetzen baitzen. Eta bi hilabetero izan ordez, urtean lau ale eskuragarri izango dira. Eta bukatzeko, gure web horria, www.zirikatzen.info. Lan handia egin eta gero, bertan aldizkariko edukietaz gain, momentuko berriak eta hainbat atal aurkituko dituzue. Beraz webera sartzeko deiarekin… jarraitu dezagun zirikatzen!
Prozesu politikoa amaitu zenetik, estatuak errepresioren bideari gogor ekin dio: atxiloketak, torturak, EHAK, EAE, AAM-ren ilegalizazioak... Bere aldetik ETA erakunde iraultzaileak hainbat ekintza burutu ditu hilabete hauetan. Estatuak jakin badaki berriro ere mahai batean eseri beharko dela prozesu politikoa martxan jartzeko, hori baita gatazkarekin bukatzeko dagoen bide bakarra, baina momentu hori heldu arte Ezker Abertzalea ahalik eta ahulen nahi du estatuak, ahalik eta emaitza hobeak ateratzeko asmoarekin. Baina jai dute, zeren, gaur egun ilegalizazio eta errepresioren gainetik ezker abertzalearen kokapen politikoa inoiz baino indartsuagoa da. Bakearen aldeko proposamen bakarra Ezker Abertzaleak aurkeztutako “Marko Demokratiko baterako Proposamena”, horren erakusle da. Balizko mahai horren beste aktorea, PNV, azken aldian burua ezin altza dabil. Hauteskundez hauteskunde, botoak galtzen ari dira poltroneroak, eta hori noski min handia egiten die. Horretaz gain, barne arazo handiak dituzte, norabidea galtzen hasi dira nonbait. Hari eta bere lehendakariak aurkeztutako seudokontsultari betoa jarri dio Auzitegi Konstituzionalak, argi utziz bide instituzionalen muga non dagoen, eta garrantzitsuagoa dena, sujeto politikoa ez izatearen arazoa nora garamatzan: estatuak ezartzen dituen mugetara. Argi eta garbi bazegoen ere, agerian jarri da, bide instituzionalak ez direla nahikoak, ez eta Autonomi plantemenduak. Estatuarekin negoziazio politiko batera heldu behar gara eta horretarako, atzo gaur eta bihar bezala, borroka dugu bide bakarra, eta borroka horretan irmo jarraitu behar dugu, gure Herria desagertzen ikusi nahi ez badugu. Beraz bakoitza bere esparruan, lotu borrokari, Herri bat eta etorkizuna baitugu irabazteko!
Krisi ekonomikoan ez gara asko luzatuko, baina badira azpimarratu nahiko genituzken gako batzuk. Krisia banketxe eta inbertsio pribatuek eragin dute. Hau da, esku publikoen eskuetan ez zeudenek. Egoera gozoa bizi izan izan dutenek sistema kolapsatu arte esprimitu dute. Orain baina, diru publikotik milioi euro asko eman zaie arduradun pribatu hauei, gaizki egindakoa zuzendu dezaten, gure zergen dirua! Hau da, gure bizimodua oso zaila egiten digutenei diru publiko mordoa eman diegu. Beste kasu batzuetan bankuak nazionalizatu dituzte (komunista etsaien antzera), hau da, erosi eta estatuarenak bihurtu gestio publiko batekin aurrera egin dezaten. Gainera, gestio txar honek, gutxien daukatenei zuzenean eragiten die, eta gero eta jende gehiagorentzat, hilabete bukaerara heltzea ezinezko gertatzen ari da.
Gure amalurra zulatzen jarraitzen dute etorkizunaren abanderatuak diren txikitzaile nazkagarriak. AHT-az ari gara noski. Euskal jendarteak dituen arazo askorekin bukatuko lukeen dirua gure Herri, paisaia eta ekosistemekin bukatzeko erabiltzen dute progesuaren izenean. AHT-aren kontrako mugimendua handituz doa, eta herri presioa handitzen joan den heinean errepresioa ere gora egin du nabarmen. Atxiloketa asko ari dira gertatzen, jipoiak, epaiketak, expropiazioak... Enpresa asko, kontratu asko eta aberatsen bizimodua jokoan dagoelarik, euren eskura dituzten bitarteko guztiak erabiliko dituzte, beraien armada, zipaioak, gogotsu ekitera bidaliz, euren komunikabideekin intoxikatuz... nahiz eta publikoak izan. Baina honen guztiaren aurrean jendartea dago, eta honek ez du tren honen beharra ikusten, egin diren herri galdeketa “ilegal”en emaitzak ikusita. Kontsultaz eta herri galdeketa eta partizipazioaz hainbeste hitz egiten dutenek herriari bizkarra ematen diote, beraien interesen arabera. Jakin dezatela aurrean herri antolatu bat dagoela eta tren hau gedituko dugula!
Gazteok gazte izate hutsagatik berezko arazoak jasaten ditugu: etxebizitza eskuratzeko ezintasuna, aisialdiaz gozatzeko aukera mugatua... eta arazo hauen inguruan aritzen diren eta aurre egiten saiatzen diren zenbait talde daude Deustun. Horrela, eragileotako kideok elkartu eta ondoko erronka jarri genion geure buruari: bil ditzagun ahalik eta gazte gehien gure kezken inguruan eztabaidatzeko, Deustuko gazteon behar eta nahiei buruz aritzeko. Gauzak horrela, orain dela pare bat urte ekin genion lanari, GAZTE TERMOMETROA ekimena abian jarriz, eta lehenengo urtean gure herriko gazteontzat berebiziko garrantzia duten ondoko gaiok jorratzen ibili ginen: etxebizitza, aisialdia, inmigrazioa, feminismoa eta euskara. Lehen aldiz, helburu, lan esparru, eta adin ezberdinetako gazte eragile mordoa bildu ginen apostu bateratua aurrera eramateko. Eztabaidaturiko gaietatik ondorioztatutakoa aurrera eramateko, hauen inguruan lan egiten duten lan taldeak sortu dira ekimen honen baitan, hitzetatik ekintzetara pasatzeko, alegia.
Aisialdiari buruz aritu ginenean, gazteok gure aisialdia antolatu behar dugula ondorioztatu genuen, alternatibak eraiki, gazteon arteko harremanak sortu, sustatu… Baina, zelan egin hau hain interes desberdinetako hainbeste gazte dituen herri batean? Gazte Termometrotik apustu berri bat hasi nahi izan dugu, aisia eta gazteon batasuna bateratuko dituena, kalea berreskuratzearekin batera: azaroaren 1ean, gazteok eta gazteontzako egindako DEUSTUKO GAZTE EGUNA! Horretarako bitartekoak jartzen hasi ginen: maiatza eta ekaina bitartean Deustuko hainbat kolektibo eta koadrilarekin harremanetan jarri ginen, galdeketa bat zabaldu genuen… Gazte egun hau benetan Deustuko gazte guztion eguna izan dadin, denon parte hartzea eta aportazioak ezinbestekoak dira! Aportazio horiek oinarritzat hartuta, hainbat lan taldetan joan gara gazte eguna perfilatzen: tailerretaz arduratzen ari den lan taldea, janariaz arduratzen ari dena, musikaz, poteo eta jokoetaz, komunikazioaz, azpiegituraz...
|
Zuen zaleok (uste baino gehiago dituzue) asko poztu gara aldizkaria berriz ere kalean ikusteaz. Lan bikaina egiten ari zarete: webean egunerokotasuna bermatu eta espazio muga gabeko esparrua duzue nahi beste artikulu eta bitxikeria sartzeko, aldizkarian lehengo ildoari jarraitzen duzue eta faltan botatzen genituen hitzalditxoak ere itzuli dira. ZORIONAK! Agian ez da esker oneko eta fruituak berehala ikusten diren lan horietakoa, baina hutsune garrantzitsua betetzen duzue!