| Pentsioen inguruko eztabaida |
|
|
|
| Nork idatzia administratzailea | |
| 2009-(e)ko ekainaren 18-(e)an | |
|
Krisiaren harira, berriro piztu da pentsio sistemaren inguruko eztabaida. Ekuazioak sinplea dirudi; gero eta jubilatu gehiago dago, pentsio gehiago, beraz. Eta gero eta kotizatzaile gutxiago, diru-sarrera gutxiago. Alternatibak badaude.
Krisiaren gorabehera guztiekin, azken hilabetean berriz eztabaida piztu da pentsio sistemaren inguruan. Hasierako txinparta Espainiako Bankuko gobernadoreak, Miguel Angel Fernandez Ordoñezek, sortu zuen Espainiako Diputatuen kongresuan, epe luzeko perspektiban sistema ez zela bideragarria eta erreformak behar zituela esanez. Ez zuen, ordea, erreforma horiek zeintzuk izan behar zuten aipatu. Egunotan, Estatu espainoleko Gizarte Segurantzako Estatuko idazkariak, Octavio Granadosek, gaia mahai gainean jarri du berriz. Granadosek normalean erabiltzen den formula erabili du erreformen beharra frogatzeko. Formula nahiko sinplea da eta horrek formularen eragina handitu egiten du.
Gure jendartean jubilatu gero eta gehiago ditugu eta kotizatzaile gutxiago. Horrela ikusita ez du ematen eztabaidarako tarterik dagoenik: jubilatu gehiago, beraz, pentsioetan gero eta gehiago gastatu beharra dago; eta, beste aldean, kotizatzaile gutxiago, diru sarrera gutxiago, alegia. Dilema horretan, edo gastuak gutxitzen dira, edo diru sarrerak handitzen dira, edo, biak batera, hau da, gastuak gutxitu eta diru sarrerak handitu. Gastuak gutxitzeko bide bat izan daiteke pentsioa jasotzeko adina atzeratzea. Beste bide bat izan daiteke pentsioa kalkulatzeko erabiltzen diren aldagaiak aldatzea: urteak, kotizazioak... Neurri horiek langileen interesen aurkakoak dira. Bestalde, diru sarrera handitzeko, kotizazioak igo daitezke. Neurri horren aurka enpresariak daude. Beste aukera bat izan daiteke kotizatzaileak ugaltzea, hau da, langile kopurua igotzea, baina hori testuinguru ekonomikoaren arabera mugitzen da. Kotizatzaileen kopurua handitzeko, iruzurraren aurka aritzea beste bide posiblea da. Baina administrazioa ez da horretan sartzen. Neurri bakoitzak erresistentzia mota ezberdinak eta handiak eragin ditzake. Horregatik, eztabaida guztia enpresariak bideratzen ari dira, gastuak gutxitzeko, hau da, administrazioak langileen interesen aurkako neurriak har ditzan. Langileek halabeharrezko neurri bezala ikusten badute, erresistentzia txikiagoa egingo dute. Politikan bide ezberdinak har daitezke beti, ez dago ezer ezinbestekoa, nahiz eta horrela irudikatu. Beti bezala, lanaren eta kapitalaren indar harremanen arabera joango da aldaketaren norabidea. Gauzak horrela, azter ditzagun zer dagoen sinpletasun eta ezinbestekotasun horren atzean. Ondasunaren afera Dena oso logikoa eta ulertzeko erraza irudikatu dute, baina ekuazio horretan zerbait falta da. Agian, adibide batekin errazago ikusiko dugu. Demagun bikote bateko biek lan egiten dutela. Lan prekarioak dira eta batek 700 euro eta besteak 800 euro irabazten dituzte hilabetero. Bikote horrek ume bat dauka. Hilabetero 1.500 euro dituzte hiru pertsonentzat, hau da, 500 euro buruko. Suposatu dezagun batek arrakasta itzela izan duela bere lanpostuan eta kategoriaz igotzen dela, kontratu finkoa egingo diotela eta 800 eurotik 2.500 euro irabaztera pasatuko dela. Gauzak horrela, egoera berria hausnartu eta gero, bikote horrek erabakiko du besteak lana utziko duela eta etxean geldituko dela, 2.500 eurorekin nahikoa dutela hirurentzat, 833 euro buruko. Gainera, beste ume bat izatea erabakitzen badute, lau pertsonentzat 625 euro buruko izango dute bizitzari aurre egiteko, hasierako egoeran baino 125 euro gehiago. Orain, krisi ekonomikoaren erdian gaude eta enpresan erabakitzen bada soldata murriztea, demagun, %4 ekonomiaren gainbehera bezala, pertsona horrek 2.400 euro kobratuko ditu, eta etxe horretan buruko 600 euro izango dituzte. Adibide horretan bezala, azken urtetan ekonomiak izugarrizko hazkundea izan du. Gogoratu behar da Zapatero, Ibarretxe, denak, harrotuta ibili direla hemengo hazkundea zela-eta; Europako handiena izan omen da. Beraz, ondasuna handitu da, goian aipatutako familiari gertatu zaion moduan. Ondorioa argia da, ondasun gehiago baldin baditugu, errazago egingo diogu aurre gastuei, nahiz eta pertsona gutxiagok lan egin. Etorkizuneko gastuei ere errazago egingo diegu aurre, jubilatu gehiago izan, edo seme-alaba gehiago izan, familiaren kasuan bezala. Krisiaren ondorioz, ondasuna pixka bat gutxitzen bada, azken urteetako hazkundea hain handia izan denez, tarte handia dugu arazotxo horri aurre egiteko. Ekuazio logiko eta ulertzeko erraz horretan ez dute kontuan hartu ondasunaren bilakaera. Ohi den moduan, akatsa ez dago erabili duten formulan, baizik eta formularen eta testuinguruaren arteko erlazioan. Beraiek, besterik gabe, ahaztu egin dute testuingurua. Eta testuingurua honakoa da: ondasuna handitu egin da eta, era berean, gutxi batzuen eskutan pilatu da. Edozein eratara, azken datu hau ezkutatu egin behar dute: batetik, ondasun horrekin guztiarekin beraiek geratzen ari direlako eta, bestetik, pentsio sistemak bizirauteko maniobra tartea dagoela agerikoa delako. Sistemen ezaugarriak Funtsean, bi motatako pentsio sistemak ditugu, banaketaren araberako sistemak eta kapitalizazioaren araberakoak. Banaketaren araberako sistematan, Estatu espainolekoa kasu, administrazioak enpresari eta langileen kotizazio sozialak biltzen ditu eta diru horrekin pentsioak ordaintzen ditu. Orain biltzen dena orain gastatzen da. Sistema horren ezaugarri nagusia belaunaldien arteko elkartasuna da; gaur egun lan egiten dutenek, lehenago lan egin zuten eta egun jubilatuta daudenen pentsioa ordaintzen dute. Eta sistema hauek publikoak dira, hau da, estatuek kudeatzen dituzte. Kapitalizazio sistemetan, aldiz, langileak hilabetero diru kopuru bat jartzen du. Diru hori banketxe edo aseguru etxe batek biltzen du eta aurrezki horiekin inbertsioak egiten ditu: akzioak erosi, Estatuko zor publikoa erosi edo bestelako eragiketa finantzarioak. Langile horrek, pentsio garaia iristen denean, hilabetero pilatu duena gehi aurrezki horiek urte luze horietan eman dituzten etekinak izango ditu, ez gehiago, ezta gutxiago ere. Aurrezkien kudeatzailearen abileziaren arabera gehiago edo gutxiago izango du. Kapitalizazio sistemak finantza eremuan aritzeko aukera ematen du. Finantza sistemaren ezaugarria da etorkizuna hipotekatzen duela, hau da, orain erabiltzen da etorkizunean espero den ondasuna eta zorrak gerorako gelditzen dira. Sistema hauek publikoak izan daitezke, baina normalean pribatuak dira. Normalean, pentsio sistemek bi printzipio horiek nahasten dituzte. Zenbait estatuetan -Txile da ezagunena, baina badaude gehiago, Hegoafrika kasu- oinarria kapitalizazio sistema da. Langile bakoitzak bere pentsio fondoa du eta horren arabera jasotzen du pentsioa. Estatu horiek pentsiorako adina aurrezki lortu ez dutenentzat, hau da, kapitalizazio sistemako pentsiorik ez dutenentzat, pentsio bat dauka, baina normalean nahiko ziztrina da. Europaren kasuan, banaketaren araberako sistema publikoa da oinarria. Eta hortik aurrera, bakoitzak erabaki dezake bere pentsioa pentsio fondo batekin osatu nahi duen edo ez. Hau da, bere aurrezkiak kapitalizatu nahi dituen edo ez. Kapitalizazioa pribatua izan daiteke -hala izaten da kasu gehienetan-, baina publikoa ere izan daiteke. Esaterako, Norvegiako Estatuak badu horrelako pentsio fondoa eta Estatu espainoleko burtsan aritzen da. Ibex 35-ean dituen akzioak kontuan hartuta, hirugarren handiena da. Gasteizko gobernuak estatutuaren bidez bazuen aukera pentsio fondo publiko bat antolatzeko, baina inoiz ez du inolako interesik erakutsi estatutuaren alde hori garatzeko. Nahiago izan du eremu hori guztia kapital pribatuari uztea. Gauzak horrela, ez da zaila ondorioztatzea pentsioen inguruan sortu den zalaparta horrek guztiak bilatzen duena zera dela: zati publikoa, hau da, banaketaren araberako eredua husten joatea, eta, horrela, herritarrak behartzea beren aurrezkiak nahitaez kapitalizazio sisteman sartzera, banketxe eta aseguru etxeen mesederako. Proposamen bat Banaketaren sistemaren oinarria zuzena izanik ere egokitzapen batzuk behar ditu, batez ere, ekonomia aldatu delako, ondasun sorrera aldatu delako. Gaur egun, enpresa askok etekin izugarriak dituzte, baina ez dute ia langilerik. Ondasunaren sorreran lanaren parte-hartzea gero eta txikiagoa da, kulturak, jendartearen antolaketak eta bestelako faktoreek gero eta pisu handiagoa dute ondasunaren sorreran. Testuinguru horretan, ez da oso zentzuzkoa pentsiorako diru bilketa langileen arabera egiten duen sistema bati eustea. Horrek ondasunaren aldagaia baztertzea ahalbideratzen du eta horrela pentsioaren inguruko eztabaida guztia desitxuratu egiten du. Gainera, gaur egungo sistemak, langileak eta kotizazioak tarteko, lanpostu sorreraren gaineko zerga bezala funtzionatzen du. Zenbat eta lanpostu gehiago, orduan eta kotizazio handiagoak ordaindu behar dira, nahiz eta etekinik atera ez. Bien bitartean, beste batzuk etekinak pilatzen ari dira, pentsio sistemari ekarpenik egin gabe. Arazo horrek konponketa erraza du, eta zenbaitzuek planteatu dute. Euskal Herrian, lehenengoetariko bat Nekane Jurado izan da. Dirua biltzeko sistema alda daiteke eta kotizazioak langile kopuruaren arabera bildu beharrean, enpresen etekinen arabera bil daitezke. Etekin handiagoak, ekarpen handiagoa. Horrela, lanpostu asko sortzen dituztenak ez dira horretaz arduratu beharko eta lanposturik apenas sortzen dutenek baina etekin handiak dituztenek ekarpen handiagoa egingo dute. Erresistentzia Horrelako proposamenek aurrera egiteko erresistentzia handiak gainditu beharko dituzte. Batetik, kapitalak ez du bide horretatik eraman nahi eztabaida. Kapitalaren kezka nagusia zera da, nola gestionatu pentsioen zatirik ahalik eta handiena. Kapitalak beldurra sortu nahi du, langileak pentsio sistema pribatuetara bideratu, eta ondoren, sistema publikoa, banaketaren araberakoa, murriztu. Estrategia horri jarraiki, sistema pu- blikoak arazorik ez badu, izango dituela pentsarazi behar du. Badago beste erresistentzia mota bat. Kapitalak truke printzipioa asko maite du, hau da, lortzen den guztia esfortzu baten ondorioa dela. Adibidez, pentsioa lan egindako urteen araberakoa izango da, soldata egindako lanaren araberakoa, eta abar. Pertsona bakoitza bere ahaleginaren eta esfortzuaren aurrean jartzen du, nahiz eta kasu askotan zerikusirik ez izan. Nork esango dio alargun bati ez duela eskubide osoa bere senarraren pentsio osoa jasotzeko, nahiz eta kotizatu ez. Ez al dio ekarpen nahikorik egin gure jendarteari? Kapitalak zenbaketa zorrotza darama: kontulari moduan hartu beharreko bakoitzaren atzean zor bat egon behar du kontabilitate-liburuan. Horrela, gainera, kontabilitate eredu horrekin, jarrera indibidualak areagotzen ditu. Eta banakako eskemetan, kontzeptu kolektiboek, elkartasunak eta abarrek, oso harrera txarra dute. Kapitalak kontabilitatearen irudiari eutsi nahi dio kosta ahala kosta, eta pentsioen eztabaidari are gehiago. Aurrera begira Gizarte segurantzaren sistema modernoak langile mugimenduarekin batera jaio ziren. Lehenengoa Alemanian ezarri zen, 1889an. Iraultzaren arriskua gutxitzeko, Otto von Bismark "Burdinezko kanzilerrak" bultzatu zuen gizarte segurantza publikoa. "Zahartzaro eta baliaezintasun aseguruaren legeak", besteak beste, 70 urtetik gorakoentzat pentsio bat aurreikusten zuen. Ez zuen eragin handirik, batez besteko bizi-itxaropena 45 urtekoa baitzen. Beti bezala, boteretsuek apurrak besterik ez dituzte banatzen. Bigarren Mundu Gerraren ostean, ezkerreko indarrak oso indartsu zeuden, beraiek izan baitziren faxismoari aurre egin ziotenak. Berriz ere, pribilegio guztiak galtzeko arriskuaren aurrean, amore eman zuten boteretsuek eta babes soziala zabaldu zen. Hala, Ongizate Estatua deitu zena sortu zen. Laurogeigarren hamarkadan, Reaganek eta Thatcherek hasi zuten gaur bizi dugun Ongizate Estatuaren aurkako erasoa. Orain dela gutxi John Kayk, Financial Times-eko zutabegileak, gogorarazi du, 1982an parte hartu zuen "Gizarte Segurantzako krisi mundiala" liburua aipatuz. Bere esanetan, berak modu inuzentean parte hartu zuen. Ondoren, konturatu zen AEBetako fundazio kontserbadoreak atzetik zeudela eta euren helburu bakarra pentsioen diru fluxua sektore publikotik sektore pribatura bideratzea zela, ondoren burtsan inbertitzeko. Eta horretan jarraitzen dute gaur egun. Pentsio sistemaren arazo nagusia zera da: interes boteretsuenak elkartu egin dira sistema hori behera botatzeko eta langileak eta ezkerreko indarrak nahiko ahul daude eraso horri aurre egiteko. Langileriari eskubideak inoiz ez zaizkio musu-truk eman, beti borrokatuz lortu ditu. Orain, eskubideei eusteko borrokan pentsatu beharko da berriz.
#GAUR8 tik ateratako berria
goraipatu artikulu hau Ikustaldiak: 170 Iruzkinak (0)
![]() Iruzkina idatzi
|
|
| Noiz aldatua ( 2009-(e)ko ekainaren 18-(e)an ) |
| < Aurrekoa | Hurrengoa > |
|---|









